XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. UNITATE DIDAKTIKOA

BELTZAK IZANAGATIK, HAIEK ERE AMA BANA

SARRERA

Unitate didaktiko honetan ikaslea gaur egungo munduan sartu nahi dugu.

Horrela esanda, badirudi gehiegikeriaren bat adierazi dugula, baina ez dugu uste horrelakorik egin dugunik.

Zer da munduan sartzea? Zalantzarik gabe, gure ikasleek badute gure mundu honetako berri, baina seguru asko azaletik bakarrik.

Agian, aztertuko ditugun egoerak (langabezia, bazterkeria, arrazakeria...) ikasleetakoren batek jasandakoak izango dira, baina gehienentzat, ordea, bestei gertatzen zaien zerbait edota beraiengandik urrun dauden egoerak eta arazoak izan daitezke, nahiz eta, herrian, hirian, auzoan edo familian bertan horrelakorik egon.

Horri arriskutsua deritzogu bi arrazoirengatik.

Alde batetik, ezjakintasunean edo urruntasunean oinarrituta, egoera hauez arduratzea beraiei ez dagokiela pentsa dezakete ikasleek.

Askotan ez dira konturatzen beraiei ere horrelako arazoak eta egoerak hel dakizkiekeela.

Bestetik, eta gure gizarteko jarrerak ikusita, ezjakintasunak gauza guztiak ondo daudela pentsatzera eraman gaitzake eta, ondorioz, gauzak dauden-daudenean jarraitu behar dutela edo, arazo horiek konpontzea beraiei ez dagokiela, behintzat.

Hori agintarien, politikarien edota auskalo noren zeregina dela pentsa dezakete.

Hezkuntza gizartea hobetzeko baliabide nagusienetarikotzat jotzen dugunontzat pentsamolde hori onartezina da.

Hori dela eta, ikasunitate honetan zehar gure artean ikus ditzakegun arazorik nagusienak aztertuko ditugu: langabezia, baztertze joerak, pobrezi egoerak, emakumeen egoera, arrazakeria...

Beste hainbat arazo ere badaude eta irakasleak hurbilagokoak edo garrantzitsuagoak direla ikusiko balu, gehi ditzake.

Arazoak aztertzean ezagupen zabala eta sakona eman ditzaketen informazioak eta datuak erabili ditugu, agian gehiegi, esan lezake norbaitek.

Kasu honetan irakasleak, labur dezake edo jarduera batzuk aldatu.

Horretarako askatasun osoa izan behar du.

Baina ez deritzogu nahikoa informazioa edukitzeari. Informazio horrek beste helburu garrantzitsuago bat du: kontzientziazioarena, alegia.

Ikasleak, unitatearen amaieran, arazo hauekiko beste jarrera bat erakutsi beharko luke.

Ez gara erabateko aldaketez pentsatzen ari, jakina, baina bai arazo hauekiko bestelako jarreraz, jarrera zabalagoaz eta egoera horietan bizi den jendearenganako nolabaiteko enpatiaz.

Badakigu zaila dela, baina hori lortuko ez bagenu, unitate honek ez luke bere helbururik nagusiena beteko eta motz geratuko ginateke.

Helburu nagusi hori lortzeko, zenbait jarduera horretarako pentsatuta daude eta, bereziki, azken helburua, bertan datuak jasotzeaz gain beren inguru hurbileko egoeretan inplikazioa eskatzen baitzaie ikasleei.

Unitate honek badu, gainera, beste helburu bat: datu estatistikoak erabiltzea, irudikatzea eta ulertzea, alegia.

Horretarako ziklogramak, barra-diagramak, diagramak, mapak... erabiliko dira.

Azaldutako guztia lortzeko edukiak bost helburutan banatu ditugu.

Lehendabizikoan, lehenago ikasitako gai ekonomikoen ondorioak aztertuko ditugu.

Bigarrenean ondorio horiek baztertze egoerara nola eraman dezaketen ikusiko dugu; egoera hori jasaten dutenak zein diren eta zein egoeratan geratzen diren aztertuko dugu.

Hirugarrenean egitura ekonomiko horrek herrialde azpigaratuetan dituen ondorioak aztertuko ditugu.

Laugarrenean, berriz, baztertze eta pobretze prozesu horien ondorioak ikusiko dira, bai gure artean, bai beste herrialdeetan.

Kasu honetan zenbait ideia oker eta aurreiritzi hausten saiatuko gara, integrismoa eta islamismoa lotzen dituen ustea, adibidez.

Gure helburua kasu honetan agertzen diren egoera horiek gizarte honen akatsen ondorio direla ulertaraztea da, eta, gainera, sortarazi dituzten egoerak edo arrazoiak desagertu arte ez direla desagertuko pentsaraztea.

Bukatzeko, bosgarren helburuan gure egoerarik hurbilena aztertzen jarriko ditugu ikasleak.

Aipatu dugun bezala, ez dugu informazio zehatz bat soilik lortu nahi, egoera hauei irtenbide bat emateko ikasleen kontzientziazioa eta konpromisoa baizik.